Naturaren eta bere ondasunen esplotazioak emakumeen gorputzaren eta lurraldearen aurkako indarkeriak larriagotzen dituzten zapalkuntza-sistemak iraunarazten ditu.
Gorputza-lurraldea harreman-sistema interkonektatu gisa uler daiteke, non gorputzaren ongizatea berez lotuta dagoen lurraren eta komunitatearen ongizatearekin. Giza bizitzaren eta ingurune naturalaren arteko interdependentzia, non osasuna eta gorputzen harmonia osasunarekin eta hura sostengatzen duen lurraldearen harmoniarekin lotuta dauden.
Alabaina, planetako bizitzak mendeak daramatza bazterkeria eta desberdintasuna eragiten duen eta natura ustiatzen duen sistema sozioekonomiko baten mende. Metaketan, botere-bilaketan eta hazkunde ekonomikoan oinarritutako garapen-eredu jasangaitz hori potentzia handien merkatuen erritmoen ondorio da.
Engranaje horrek estatuen konplizitatea du, zigorgabetasun osoko testuinguru batean, eta ez du aintzat hartzen naturaren ustiapenean eta eskubideen urraketan eragiten duen inpaktua, eta, horrela, krisi zibilizatiboa agerian uzten du, batez ere, balioen krisi globala dena.
Natura ustiatzea eta suntsitzea justifikatzen duten balioak, eragindako ingurumen- eta gizarte-inpaktuak alde batera uzten dituztenak. Balio horiek genero-desberdintasunak eta kalteberatasun handiagoaren eraginpean dauden kolektiboekiko diskriminazioak sortzen eta babesten dituzte, eta herrialde aberats deiturikoen botere-harreman desberdinak iraunarazten dituzte, pobreak deiturikoekiko. Azken batean, gure sustraiak hausten dituzten eta justiziatik eta berdintasunetik urruntzen gaituzten balioak.
Gorputza-lurraldea binomioak gorputza, batez ere emakumeena, min-espazio bat dela ulertzea ahalbidetzen du, baina, era berean, erresistentzia, borroka eta erantzunaren tresna ere bada, oinordetzan jasotako jakintzen memoriaren eta transmisioaren bidez.
Natura eta sustraien arteko desloturaren ondorioz, ekosistemekiko abusuzko praktika ekonomiko suntsitzaileetan oinarritutako sistema soziopolitikoak sortu ditugu, naturari kalte egiteaz gain, kolonialismoari eta generoan oinarritutako botere-harremanei lotutako beste zapalkuntza-sistema batzuk ere iraunarazten eta legitimatzen dituztenak.
Inbasioaren, okupazioaren, baliabide naturalen erauzketa gupidagabearen eta megaproiektuen instalazioaren ingurumen-ondorioak benetako mehatxuak dira, eta gizarte- eta ingurumen-ondorio larriak eragiten dituzte. Arrakala sozialek eta desberdintasun ekonomikoek, kulturalek, etnikoek eta genero-desberdintasunek eragin oldarkorragoa dute emakumeengan.
Hainbat testuinguru geografikotako emakume defendatzaileen arteko topaketek agerian uzten dute premiazkoa dela gure sustraiak entzutea, gure arbasoak gogoratzea, funtsezkoenera itzultzea, eta printzipio eta narratiba globalak birpentsatzea ikuspegi dekolonial, ekofeminista eta arrazismoaren aurkakoetatik.
Gure gorputza-lurraldea garatzen garen sistema soziokulturalaren eta oroimenaren eta oroitzapenen bideen adierazpena dira; okupatzen dugun espazioarekin ez ezik, gure aurrekoen erresilientzia-estrategiekin ere lotzen gaituzte.



