Brasilgo REPAM-ek Amazoniaren aldeko botoa eskatu du

Latinoamerika eta Karibeko Probintzialen konferentziak (CPAL) #EuVotoPelaAmazônia kanpainari buruzko historia hori partekatu zuen. Kanpaina hori Panamazoniako Eliza Sareak (REPAM) jarri zuen abian Brasilen, giza eskubideak eta naturaren eskubideak defendatzeko plataformak dituzten politikariak hautatzearen garrantziari buruz kontzientziatzeko. Amazoniako bioma inflexio-puntuan dago hainbat hamarkadaz neurrigabe narriatu ondoren. Horren harira, nazioartean presioa egitearen garrantziaren eredua da kanpaina, aldaketa politiko eta sistematikoa eskatzeko Sorkuntza eta marjina guztiak hobeto zaintzeko.

Berriki kaleratutako #EuVotoPelaAmazônia (Amazoniaren alde bozkatzen dut!) kanpainaren xedea da arlo hauetan aurrera egitearekin konpromisoa duten politikari eta gobernuak aukeratzearen garrantziari buruz kontzientziatzea: ekologia integrala, agroekologia, gizarte- eta ingurumen-justizia, eta herrien eta horien lurraldeen eskubideak.

Brasilgo Panamazoniako Eliza Sareak (REPAM) kanpaina hori jarri zuen abian, eta 2022ko maiatzetik ekainera bitartean garatuko da. Sentsibilizazio-ekintzen artean daude, besteak beste, elkarrizketa-zirkuluak gauzatzea Amazoniari eta hauteskundeei buruz, gogoetak, bideoak eta materialak egitea sare sozialetarako, ospakizun-gidoiak egitea Amanoziaren barruko eta kanpoko komunitateetarako, eta irailaren 5ean, hots, Amazoniaren Egunean, eukaristia bat egitea aurreikusten da.

Amazoniako bioma esplotatzen ari dira desforestazioaren, indigenen lurraldeen inbasioaren eta babestutako lurraldeetako agronegozioa eta meatzaritza betikotzearen ondorioz. Amazoniaren aldeko Talde Zientifikoaren ‘Amazoniaren Ebaluazioaren 2021eko Txostenaren’ arabera, Amazoniako basoen % 17 inguru beste erabilera batzuetarako lur bihurtu dira, eta gutxienez beste % 17 narriatuta dago. Basoen 36,6 milioi hektarea inguru narriatu ziren 1995 eta 2017 artean.

Kanpainak Amazoniak eta beste bioma batzuek duten garrantzia azpimarratzen du klima-aldaketaren inpaktuei aurre egiteko, eta, halaber, erabakigarritzat jotzen da Brasilgo 2022ko urriko hauteskundeetarako.

Porto Velhoko artzapezpiku eta REPAM-Brasil erakundeko idazkari Roque Paloschi monsinorearen arabera, “hauteskundeak funtsezko eremua dira herritarrek jarduteko eta une horretan erabaki dezakegu gure historiaren bidea, eta demokrazia babestu. Horretarako, garrantzitsua da guztientzako, Brasilgo herriarentzako, hezkuntza integrala izatea, komunitatearen onurarako erabaki kontzienteak hartzen lagunduko digun hezkuntza izatea”.
Paloschi monsinoreak partekatu du garrantzitsua dela alderdiek eta hautagaiek Amazoniarekin lotuta egiten dituzten proposamenei arreta jartzea. “Denok dakigu Amazoniako biomak eta haren soziodibertsitateak funtsezko garrantzia duela klimaren orekarako eta etorkizuneko belaunaldien bizi-aukerak bermatzeko”, nabarmendu du.

Lurralde zabal horretan indigenen 350 komunitatetik gora bizi dira, eta horietako 60 talde isolatuak dira. Agronegozioa, meatzaritza, legez kanpoko baso-mozketa eta proiektu ekonomiko handiak dira Amazoniaren deforestazioari eta bertako komunitateen eta baliabide naturalen txirotzeari mesede egiten dioten faktoreetako batzuk.
“Amazonia deuseztatzen eta suntsitzen ari dira interes ekonomikoengatik; interes horiek baliabide naturalak neurrigabe ustiatzea eragiten dute, bizi-aukera oro erauziz, eta guztia ere garapen teknokratikoaren izenean, Laudato Si´-k esaten digun moduan, izaki guztien bizitza arriskuan jarriz”, baieztatu zuen Paloschi artzapezpikuak.
REPAM-Brasil erakundeko zuzendari exekutiboak, María Irene Lopes ahizpak, basoetatik eta hirietatik ateratzen den Amazoniaren oihu gisa aipatu zituen kanpaina horren ikuspuntuak. “Asmoa da kanpaina hori, jaulkitzen den unetik bertatik, gogoeta eta eztabaidarako une indartsu bihurraraztea, inkesten emaitzek Amazoniarentzat eta gu guztiontzat ekar dezakeen inpaktu positiboari edo negatiboari buruz; izan ere, dena elkarrekin lotuta dago”.

Iturria: Ecojesuit >

#EuVotoPelaAmazônia

Agian interesatuko zaizu: