Elizaren erronkak Amazonian: lurraren oihuak entzuteko garaia da

Alfredo Ferro SJ CEAMAko (Amazoniako Eliza Batzarra) idazkari betearazlea da 2021eko maiatzaz geroztik. Erakunde hori 2020ko ekainean sortu zen Eskualde Panamazonikorako Sinodoan sortutako proposamenak zehazteko; Sinodo hori Vatikanoan egin zen 2019ko urrian.

Zein dira Amazoniako Elizaren erronkarik premiazkoenak?
Asko dira, baina lehenengo erronka handia da Sinodoak Amazoniarako planteatzean zituen konpromiso eta erronketan aurrera egitea. Sinodoak elkarrekin bidea egitea esan nahi du eta urteetako prozesuaren fruitu da. Frantzisko aita santuaren “Amazonia maitea” erregu apostolikoan nabari zen erronkarik esanguratsuenak zein izango ziren. Egungo errealitatean garrantzitsua iruditzen zait gogoraraztea Amazonian prozesu hau guztia sustatzeko funtsezko zeregina zein eliza-erakundek duten: CEAMA eta REPAM (Eliza Sare Panamazonikoa) erakundeek.
CEAMAk REPAMekin partekatzen du misioa: eskualde ikaragarri honetarako plan pastorala formulatzea; izan ere, eskualde horretan 104 eliza-jurisdikzio daude, gotzainek, apaizek, lekaideek, lekaimeek eta laikoek partekatzen dute ebanjelizatzeko misioa. CEAMAk eskualdearen ikuspegi globala eskaini nahi du eta Amazonia osotasun gisa pentsatzea proposatzen du; hau da, bioma handi gisa, Elizak mugak apurtu beharreko lurralde handi bat. Horrek esan nahi du baterako apustuak eraiki behar direla.

Zure ustez Elizak Amazonian egiten duen lanak erresistentziarik badu?
Bi erresistentzia daude. Bata barnekoa, begirada guztiak ez baitira berdinak eta ez doaz batera, baizik eta zenbait iritzi dago. Sinodoan giroa goxoa eta errespetuzkoa izan zen arren, abiapuntuko ikuspegia ez zen berdina eta Amazoniarekiko konpromiso-maila ere ez.
Bestalde, izaera ekonomiko eta politikoko erresistentziak daude. Eliza Amazoniako herri indigenekin konprometitu den toki asko oso lurralde liskartsuak dira, eta ziurrenik horrek zailtasunak sortuko ditu tokiko gobernuekin. Erauzketa-enpresen interes komertzialak ere badaude eta ez datoz bat jatorrizko herrien eskubideekin eta ongi bizitzearekin.

Nola erlazionatzen da Eliza Amazoniako komunitateekin?
Amazonia oso lurralde garrantzitsua da Elizarentzat, ebanjelizazioko misio zehatz bat baitu. Eta horrek ez du inposizioa esan nahi, ez du jarrera neokolonialista esan nahi, baizik eta lagun egiteko eta gertu egoteko presentzia esan nahi du. Are gehiago, Amazoniako Elizaren ezaugarria da herri eta komunitateetatik gertu egotea. Sinodoak planteatzen duen gaietako bat entzutea da. Egiaz entzuten diogu lurraldeari? Herri indigenen eta lurraren oihuak entzuten hasteko garaia da. Jaramon egiteko gai bagara, guri esateko dutena entzuteko gai izango gara.

Zer zeregin dute emakumeek Guztion Etxearen defentsan?
Hemen ere premiazko erronkak ditugu. Hasteko, Elizak ez duelako behar bezala aitortu emakumeen zeregina. Natura defendatzen duten emakumeak buruzagi garrantzitsuak dira eta komunitateetan presentzia esanguratsua dute, artikulatzaile nagusiak dira eta funtsezko zeregina dute beren eskubideak eta lurraldeko beren komunitateenak defendatzen.
Gaur egun irekitzen ari den arren eta emakumeek gero eta zeresan handiagoa duten arren, oraindik ere buruzagitza gutxitan daude eta erabakiak hartzeko postu gutxitan ere bai. Oraindik bide luzea dugu egiteko.

Zer esango zenieke herritarrei Amazoniarekin konprometitu daitezen?
Funtsezkoa da mendebaldeko herritarrek Amazoniarekin bat egitea. Baliteke geografikoki eta kulturalki urrun dagoen lurraldea dela sentitzea, eta zenbaitetan zaila da jendea tartean sartzea, beste lurralde eta errealitateekin lotuta gaudela ulertzea. Garrantzitsua da jendea gonbidatzea Amazonia gertu senti dezaten, Amazonian gertatzen denak gure ingurumen-errealitatearekin eta planetako errealitatearekin zerikusia duela uler dezaten. Hori dela eta, ezinbestekoa da gure inguruan lekukotzak biltzea, jendea identifikatu dadin eta dagoen lotura senti dezan.

 

Agian interesatuko zaizu: