Juana Francisca Urbina Hondurasko Yoro departamentuan bizi da, Tepemechín ibaiaren ondoan. Panchita deitzen diote gertukoek eta tribu-kontseiluko presidenteordea eta natura-baliabideen defendatzailea da; Hausnarketa eta Komunikazio Taldearekin (ERIC) lanean aritzen da komunitatea antolatzen, eraginaren lana indartu eta giza eskubideak eta ingurumena defendatzeko.
ERIC taldeak 40 urte baino gehiago daramatza Hondurasen lanean, herrialdeko landa-guneetako komunitateen giza eskubidek urratu ez daitezen.
Zein da zuon, emakumeon, zeregina lurraldearen defentsan?
Emakume indigenok zailtasun handiak izan ditugu gure komunitateen defentsan parte hartzeko. Hasteko, ez geneukan ezagutzarik, baina gure lurraldean lurra industeko makinekin nola sartu diren ikusi dugunean, erreakzionatu egin behar izan dugu gure jatorrizko herriak defendatzeko eta herrion errealitatea ezagutarazteko. Zuhaitzak nola hazten diren, animaliak nola ugaltzen diren ikusteko aukera izan dugu guk, baina borrokatzen ez bagara eta emakumeon ahotsa entzunarazten ez badugu, zer utziko diegu gure seme-alabei? Horregatik eman dugu pauso bat aurrera, gure baliabide naturalak babesteko borrokan parte hartzeko.
Zer eragin du zuen aktibismoak zuen bizitzetan?
Oso une zailak bizitzen ditugu mehatxuengatik. Gainera emakume indigenon aurkako diskriminazioa dago, gure lurra defendatzeko eskubidea ukatzen zaigu, manifestazioak egitekoa, osasunerako eskubidea eta heziketa ona izatekoa. Hondurasko osasun-sistemak ez ditu komunitate indigenak artatzen. Lurraldeetan ez dago behar adina osasun-zentro eta joaten garenean, diskriminazioa jasaten dugu baliabide ekonomikorik ez dugulako. XX. mendeko 90eko hamarkadan emakumeak etxean erditzen ziren. Orain gobernuak ez ditu emaginak aitortzen, emakumeak komunitateetan artatzeko. Distantzia handiak dira eta zaila da erditzeko unean zauden tokitik mugitzea. Gure etxeetatik kanpo erditzera behartzen gaituzte, baina ez digute laguntzen. Osasun-zentroak urrun daude, ez dago errepiderik eta osasun-zentrora iristen zarenean ez dago lehenengo haurra izan behar duten emakumeak edo zailtasunen bat dutenak artatzeko ezagutzak dituen langilerik. Beraz, ordaindutako ospitale batera joan behar dira eta ez dute zerekin ordaindu. Horregatik da garrantzitsua jatorrizko herriok gure antzinako ohiturak berreskuratzea, gure eguneroko bizitzan lagungarriak izan baititzakegu.
Zein erronka nabarmentzen dituzu zure eguneroko bizitzan lurraldearen defendatzaile gisa?
Legeak badira, baina ez dira betetzen eta ez dira jazartzen gure lurra suntsitzen dutenak eta herri osoaren bizitzaren aurka dabiltzanak. Egoera horretan dugun erronka aliatuak aurkitzen jarraitzea da. Nik zailtasunak ditut, nire emakumezko kide guztiek bezala, baina beste emakumezko defendatzaileak ikusteak jarraitzeko indarra ematen dit.
Lurra defendatzen dugun emakumeok ez diogu inori kalterik egiten eta justizia egotea nahi dugu. Hori da bizi dugun errealitatea. Oraindik egiteko asko dago.