Lily Calderón: “Dena dago konektatuta. Latinoamerikan gertatzen denak, mundu honetan eragina izango du lehenago edo geroago”

Lily Calderón abokatua eta Panamazoniako Eliza Sareko Giza Eskubideen eskolako (REPAM) koordinatzailea da. Loretotik aritzen da lanean, Peruko Amazoniatik, eta joan den martxoan parte hartu zuen Alboanek antolatutako naturaren defendatzaileen topaketan.

Zerk bultzatu zintuen lurraldearen defentsan aritzera?
Lurraldearen defentsak hainbat gai hartzen ditu: ingurumena, petrolio isurien eta erauzketa-industriaren jardueraren ondoriozko kutsadura, hidrobideak, legez kanpoko meatzaritza, emakumeen egoera, komunitate indigenen titulazioa, oro har Amazonia osoko buruzagien jazarpena. Hau da, Guztion Etxeari eta Amazoniako biztanleriari erasaten dieten urraketak. Panamazoniako Eliza Sarekook borroka-prozesu horiei lagun egiten diegu Elizaren argitan, baina giza eskubideen ikuspegitik ere bai.
Zergatik ari naizen zeregin honetan? Lehenenik, maitasunagatik. Bigarrenik, prestakuntzagatik. Eta hirugarrenik, hautu hau egin dudalako. Maitasunagatik, argirik gabeko eskola txiki baten ikasi nuelako nire kide indigenekin. Naturarekin harmonian bizi ginen. Arrantzan aritzen ginen, asteburuetan basora joaten ginen ehizara, biltzera… Goi-mailako prestakuntza hasi nuenean, urrun joan nintzen, hirira, abokatutza ikastera, eta nire kideek komunitatea defendatzea aukeratu zuten, beren herria defendatzea. Hidrokarburoak eta kutsadurak indar handiagoz, oldarkeria handiarekin, sartu ziren garaia izan zen; egoera hori salatzen zuten pertsonen jazarpenak hasi ziren garaia. Eta ni kasu haietako asko defendatzen hasi nintzen. Beraz, hasieran jendearekin nuen konpromisoagatik izan zen, nire herriari diodan maitasunagatik. Eta ondoren, hautu hau egin dudalako. Nik Amazoniara itzuli nahi nuen, etxera itzuli nahi nuen lanera, ingurumenaren eta komunitate indigenen gaia landu nahi nuen.

Zer zeregin dute emakumeek borroka honetan?
Amazonian dudan esperientziaren arabera, emakumeak izan dira beti hor borrokan aritu izan direnak. Euskarri izan dira, hazia dira, hezten dutenak dira eta familia ongi egoteaz kezkatzen direnak ere bai. Orain arte inoiz ez dira ikusten diren postuetan egon eta aitzindariak izateko garaia dela uste dut, emakume gisa sendotzekoa; izan ere, horrenbesteko triskantzarekin laguntzaren eta itxaropenaren ahots izateko aukera dugula uste dut.

Zure kasuan, zer zailtasuni egin behar izan diezu aurre?
Abokatu naiz eta sistema judizial matxista duen herrialde batean zuzenbide penalean eta ingurumena defendatzen aritzea oso zaila da. Korridoreetan ibili behar gara eztabaidan eta hainbat tratu txar jasaten ditugu. Komunitatean ere zaila da, matxismoagatik, kanpoan uzten zaituztelako, “txutxumutxuengatik” eta are gehiago komunikabideekin eta sare sozialekin. Testuinguru honetan Amazoniaren defendatzailea izatea oso zaila da. Indar handia izan behar da, baina indar hori kideok elkarri ematen diogu. Antzeko egoeran dauden emakumeen lekukotzak entzuteak bide honetan jarraitzeko indarra ematen dizu. Nire kideak dira egiaz borroka honetan dabiltzanak, komunitatean, aurrez aurre, egunero erailtzeko arriskuan, baztertuak, zokoratuak, prozesatuak izateko arriskuan… Lurraldea utzi behar dute. Emakumeok aurre egin beharreko indarkeria eta bortxakeria “sorta” osoa da.

Zer esango zenieke Amazonia ezagutzen ez dutenei defendatzeko beharrari buruz?
Ez gaitzatela desberdin begiratu esango nieke. Planeta honetako herritarrak gara, mundu honetakoak. Kontsumitzen ari garenari buruzko azterketa egiteko ere esango nieke, produktuak nondik datozen ikus dezatela, egin dezatela ibilbide hori, hemen ditugun erosotasunak beste pertsona batzuk gaizki pasatzearen ondorioz direla. Nire ustez, hausnarketa horiek egiteak gure ikusteko eta aritzeko modua aldatzen du.
Hirugarrenik, dena konektatuta dagoela esango nieke. Latinoamerikan gertatzen denak, mundu honetan eragina izango du lehenago edo geroago eta alderantziz. Ez dut esan nahi herritar arruntaren erantzukizuna denik, baina politikak horrela planteatuta daude. Funtsean gobernuen erantzukizuna da. Eta proiektu bat nola garatu pentsatzeko estatuak elkartzen diren bezala, gure erantzuna ere elkartuta eman behar dugu, denok ehun baitezakegu erresistentzia.

Lily Calderón

Agian interesatuko zaizu: