María Felicita López: “Lurraldea izaki sakratua da eta gure bizitzen parte da”

María Felicita López, lenca indigena, Volcán Santa Elenakoa, Honduras. Gizakien ingurumen-eskubideen buruzagi defendatzailea eta Giza Eskubideen Europa saria Hondurasen. Comunidades Indígenas Lencas de la Paz (Honduras) elkarteko genero-koordinatzailea eta Radio Progresoko berriemailea ere bada, lurraldearen borrokaren aldeko Equipo de Reflexión, Investigación y Comunicación (ERIC) taldearen irrati-katekoa.

Zergatik da beharrezkoa lurraldea defendatzea?
Nire herriarentzat lurraldea izaki sagaratua da eta gure bizitzen parte da; ondorioz, bizitza maite dugun modu berean defendatzen dugu lurraldea. Horrek esan nahi du ez dugula saltzeko jartzen, eta defendatzaileok estatuko botereei aurre egin beharra dugula, botere horiek matxistak, kolonialak eta estraktibistak baitira.

Gure kultura defendatzen dugu, gure kosmobisioa, gure arbasoak bizi izandako tokia baita eta hori defendatzea bizitza babestea eta gure gorputza defendatzea baita.

Borroka horrek zer arrisku ditu emakumeentzat?
Bizia galtzen dugu eta gure alabak eta bilobak arriskuan jartzen ditugu aldi berean. Etorkizun itxaropentsua utzi nahi diegu, ama naturatik bizi daitezen beste espezieak bezala. Basoak eta urak ez gaituzte behar, baina guk haiek behar ditugu, horregatik zaindu behar dugu planeta, gorde eta babestu behar dugu. Eta jatorrizko haziak bezala, gu, emakume indigenak gara, biziaren ekoizleak eta emaileak.
Gobernuak gero eta gehiago urratzen ditu jatorrizko herrien eskubideak, kriminalizatzen gaituzten legeak ezarriz. Enpresek antolatutako talde militarrek erasoak eta indarkeriazko ekintzak egiten dituzte, eta askotan gure gorputza da indarkeria hori guztia jasan behar duena, baita gure kideen indarkeria ere, baina ez ditugu erruduntzat jotzen, iragan kolonialaren zati baitira eta gure lana da hori eta gure lurraldea despatriarkalizatzea.

Gogorra da lurraldearen defentsako buru izaten jarraitzea?
Bai, hala da, baina ezin dugu borroka utzi, gure lurraldearen zatirik handiena meategietarako, proiektu eolikoetarako, hidroelektrikoetarako eta gure lurraldeen aberastasun osoa erauzten duten zurgintzako enpresentzako eman baita.
Gure itxaropena erein nahi dugu eta elikagai osasuntsuak sortu ere bai, nekazaritza agroekologikoa gogoan dugula. Klima-aldaketaren ondorioak gero eta handiagoak dira gure komunitateetan, gero eta labore gehiago narriatzen da eta gaixotasunak ugaritzen ari dira; egoera horren aurrean egin dezakegun ekarpen bakarra da defentsa hori.

Enpresek ez dituzte araudiak errespetatzen eta estatuak gure lurraldeak banatzen ditu guri kontsultatu gabe eta gu pobretzen gaituzten proiektuetan parte hartzen utzi gabe.
Guretzat lurralde-bizitza eta gure lurralde-gorputza sakratuak dira eta gure seme-alabek Ama Naturaz gozatzea nahi dugu, baita milaren bat besterik ez bada ere.

Nire bizitza pertsonalean askotan izan naiz beldur. Aurkaritzat ikusten gaituzte eta hori arriskutsua da. Gure seme-alabek ez dute profesionalki garatzeko aukerarik eta mina ematen digu, alferrik galdutako talentu asko baitago.

Agian interesatuko zaizu: