Talde ibiltaria 1998an sortu zen, Claudio Perani jesuitaren bultzadari esker. Amazoniako herrien aldarriei, desioei eta itxaropenei erne entzunda jaio zen proiektua. Eta herri horiekin batera aurkitu du talde ibiltariak bizitzaren, harremanen humanizazioaren eta justiziaren sustapenaren zerbitzura jartzeko modurik onena, pertsonen, komunitateen, herrien eta erakundeen arteko sareak ehunduz.
Amazonian, toki ahulenetan zentratzen da talde ibiltariaren proiektua: baztertutako herriak, giza eskubideen urraketak eta mehatxu sozioanbiental handienak dituzten tokietan.
Talde ibiltaria –Fernando López jesuitak koordinatzen du gaur egun– erakunde arteko eta kongregazio arteko gune gisa sortu da, Amazoniako eskualdeko erakunde, herri eta komunitateei zerbitzua emateko. Zerbitzurako bokazio hori, funtsean, ezaugarri hauetan oinarritzen da: ibiltaritza eta erakunde artekotasuna, ikuspegi eta ekintza geopolitiko eta panamazoniarra, elkarrizketa, justizia sozioanbientalarekiko konpromisoa, presentzia solidarioa, eta abar. Azken batean, proiektu instituzionalagoen edo haien irispidetik kanpo ezarrita dauden beste proiektu batzuen zerbitzuak osatzera dator.
Gaur egun, ekologia integraleko “Flora” proiektua lantzen dabil talde ibiltaria, Brasilgo eta Espainiako zenbait boluntario eta erakunderen laguntzarekin. Proiektuak ibai-garraioko ekipoak eta eguzki-energiako elektrizitate-zerbitzuak sustatuko ditu, Brasilgo Amazoniaren bihotzean dagoen Sateré-Mawe herri indigenaren eskubideak eta lurraldea indartzen laguntzeaz gain.
Entreculturas-ek hainbat urte daramatza talde ibiltariari laguntzen. Azkenaldian, komunitate isolatuenen zerbitzura egiten duen lana babestu dugu, baita COVIDek Brasilgo Amazonian izandako inpaktu lazgarriei aurre egiteko erantzun humanitarioan eta “Flora” ekologia integraleko proiektuan ere.