Hoja amazonía blanco

PROIEKTUA

SAIPE

Awajun eta wampi herriek, beren lurraldea eta bizimodua kanpo-faktore berrien mehatxupean zegoela ikusita, horiek defendatzen laguntzeko eskaera egin zioten Jesusen Lagundiari eta horren erantzuna izan zen Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ikerketa eta Ekonomia Sustatzeko Zerbitzua (SAIPE).

 

Peruko Amazonian elkarrekin proiektuak egitetik harago, Alboan-ek sorreratik dauka SAIPE-rekin lotura; izan ere, ALBOANen sortzaileetako batek SAIPE definitzen eta martxan jartzen esku hartu zuen 1991tik 1993ra bitartean Alto Marañonen egon zenean.

Harrezkero, erakundearen posizionamendu- eta sendotze-prozesu osoan izan da Alboan, proiektuak eginez, lankidetzako boluntarioak bideratuz, laguntza teknikoa emanez eta langileak eta xede-biztanleak (lider indigenak) gai hauetan trebatuz: globalizazioa, lankidetza eta garapena, demokrazia eta gobernagarritasuna, eta herri indigenentzako giza eskubideak.

Gaur egun, SAIPEren lana bi ildotan egituratzen da:

1) Alto Marañongo familiak basoko izakiekin integratuago bizi dira, eta baso-kudeaketatik abiatuta, elikadura-burujabetzara iritsi eta soberakinak sortzen dituzte.

2) Alto Marañongo herriek beren giza eskubideak eta eskubide kolektiboak ezagutzen dituzte, eta familia eta haien erakunde eta instituzioak indartu dituzte.

 

Esparru horretan, Alboan-ek eta Entreculturas-ek lehen lan-ildoko ekimenetan laguntzen diote SAIPEri, elikadura-burujabetza sustatuz eta kultura indigenarekin bat datozen ekintzailetza-ekimen ekonomikoki jasangarriak bultzatuz, batez ere, produktu hauen ekoizpenaren eta salmentaren inguruan: banana, lurraldeko oiloak eta erlezaintzaren sustapena.

SAIPE Comparte sareko kide denez, gainera, nazioartean ikasitakoarekin aberastu ditzake bere proiektuak.

Agian interesatuko zaizu.

REPAM

Jesusen Lagundiaren GKE gisa, Entreculturas-ek eta Alboan-ek Elizaren misioan laguntzen dugu Amazonian eta Amazoniarentzat, herri indigenekin batera eta guztion etxea zainduz, REPAMeko kide garen aldetik (Panamazoniako Eliza Sarea), bi estrategia handiren bidez:

CIMI-REN TALDE IBILTARIA

Talde ibiltaria 1998an sortu zen, Claudio Perani jesuitaren bultzadari esker. Amazoniako herrien aldarriei, desioei eta itxaropenei erne entzunda jaio zen proiektua. Eta herri horiekin batera aurkitu du talde ibiltariak bizitzaren, harremanen humanizazioaren eta justiziaren sustapenaren zerbitzura jartzeko modurik onena, pertsonen, komunitateen, herrien eta erakundeen arteko sareak ehunduz. 

COMPARTE sarea

Comparte 19 gizarte-erakundek osatutako sare bat da. Sareko kideek Latinoamerikako 11 herrialdetan eta Europan (Alboan) dihardute. Erakundeek gizarte-bazterketako egoeran dauden ekoizleen ekimen ekonomikoak laguntzen dituzte, landa-eremuetan zein hirietan.