Entreculturas-ek, Nazioarteko Fe y Alegría Federazioko kidea den aldetik, Peruko Fe y Alegría-rekin lankidetzan dihardu, egoera ahulean dauden herrien hezkuntza-eskubidearen aldeko hainbat proiektu eta ekintzatan; besteak beste, Peruko Amazoniako haur eta gazteentzako hainbat proposamen eta proiektutan.
Peruko Fe y Alegría-k bi sare ditu Amazoniako landa-eremuan: Amazoniako Loreto eskualdean, Fe y Alegría 47 sareak 22 eskola biltzen ditu, eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 1.538 ikasle; Amazoniako Ucayali eskualdean, Fe y Alegria 72-k 17 eskola eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 939 ikasle ditu.
COVID-19ak Perun eragindako hezkuntza-larrialdiak bi ikasturtez (2020 eta 2021) itxiarazi ditu nazioko ikastetxe guztiak eta hiri- eta landa-eremuen arteko arrakala sozial eta ekonomikoak sakondu ditu; arazo horri erantzuna eman nahian, Entreculturas-ek Fe y Alegría-ri ematen dion laguntza indartu du, landa-eremuetako sareetan ikasleek hezkuntza-arreta jaso dezaten. Besteak beste, laguntza horren onuradun dira Fe y Alegría 47 sarea, Loreton, eta Fe y Alegría 72, Ucayalin.
2022tik aurrera, eta 2024ra arte, Entreculturas-ek Peruko Fe y Alegría-ren ondoan jarraituko du, landa-eremuetako haur eta gazteek bizitzeko behar dituzten ikaskuntzak eta gaitasunak berreskuratzea eta hobetzea bilatzen duen programa baten bitartez. Peruko Fe y Alegría-k kudeatzen dituen sei landa-sareetan ezarriko programa: hau da, 109 landa-eskola eta 9.000 ikasle baino gehiago izango dira onuradunak, Amazoniako lurraldeetan dauden Fe y Alegría 47 eta Fe y Alegría 72 sareetako 2477 ikasleak barne.
Irakasleentzako estrategia eta praktika pedagogikoei, gaitasun digitalei, gaitasun sozioemozionalei eta genero-ekitateari buruzko trebakuntza-, tutoretza- eta laguntza-programa baten bidez, eta hezkuntza-komunitate osoarekin hainbat jarduera eginez, gure harri-koxkorra jarriko dugu landa-eremuetan haur eta gazteek kalitateko hezkuntza izateko eskubidea gauzatu dadin, eta ikastetxeetan jardunbide ekitatiboak eta nesken aurkako indarkeria naturalizaturik gabekoak heda daitezen.
Halaber, 2009an sortu zenetik, Fe y Alegría 74 Goi Mailako Teknologia Institutuari laguntzen dio Entreculturas-ek Condorcanqui probintzian. Probintziako goi-mailako heziketa-zentro bakarra da institutua, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpenean eta elikagaigintzan trebatzen ditu awajun eta wampi gazte indigenak. Horretarako, zenbait prozesu sustatzen ditu produktuak eta bertako kulturaren berezko teknologien nahiz teknologia berrien erabilerak berritzeko, eta gizarteari eta ingurumenari begirako ekintzailetza-kultura eta -prestakuntza bultzatzen ditu, hala Institutuko ikasleekin nola probintziako zenbait ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako ikasle gazteekin.
Orobat, Fe y Alegría 62 ikastetxea du Fe y Alegría-k Chiriacon, Imaza barrutian, Amazoniako departamenduan.
Fe y Alegria 62 oinarrizko hezkuntzako ikastetxeak haur eta gazte indigenak biltzen ditu. Lehen Hezkuntzako maila mistoa da; Bigarren Hezkuntzakoa, aldiz, emakumeentzat soilik, eta gehienak barnetegian geratzen dira.
Entreculturas-en babespean, Fe y Alegria-ren proiektuak emakume gazteek Bigarren Hezkuntza egin eta burutu dezatela bilatzen du, eta trebetasun sozioemozionalei eta gaitasun teknologikoei buruzko prestakuntza jaso dezatela.