Hoja amazonía blanco

PROIEKTUA

ZERBITZU JESUITA PANAMAZONIARRA (SJPAM)

Alboan-en eta Panamazoniaren arteko lotura lankidetzako lanaren bitartez gauzatzen da, Zerbitzu Jesuita Panamazoniarrari (SJPAM) lagunduz. Zerbitzu horretan biltzen dira Jesusen Lagundiak lurraldean dituen presentziak. Sareko lanaren bidez, Panamazonian bizitza eta ingurune jasangarria defendatzea eta sustatzea bilatzen dugu, behartsuenei, baztertuenei eta, bereziki, herri indigenei elkartasuna adieraziz, zeresan handiagoa izan dezaten lurraldeari eta bertako biztanleei eragiten dizkioten erabakietan. SJPAMen bi lan-ildo nagusiak herri indigenak eta jasangarritasun sozioanbientala dira.

Gainera, 2018tik, Xavier Sarearen ordezkari gisa, Alboan-ek “Amazonia: guztion etxea zaintzea” proiektua koordinatzen du SJPAMekin eta Fe y Alegría-ren Nazioarteko Federazioarekin batera.

Panamazoniako eremuan (Brasil, Peru, Venezuela, Bolivia eta Ekuador) dauden Fe y Alegría eskolekin egindako aurretiazko diagnostiko batean oinarrituta sortu da proiektu hori. 2017an, diagnostiko hori aurkeztu ondoren, funtsezko hiru ardatz identifikatu ziren, eta, ordutik, Fe y Alegría-ren agenda markatu dute Amazonian.

  1. Kulturarteko hezkuntza, baina inkulturazio askoz handiagoarekin, populazio indigenen errealitatea eta aniztasunaren kudeaketa kontuan hartzeko.
  2. Hezkuntza elebiduna, herri indigena ugari bizi baitira bertan.
  3. Sentsibilizazio sozioanbientala, Amazoniako testuingurutik.

Alboan-en lana bereizten duen ikuspegi aldi berean global eta lokaletik, proiektu honek aukera ematen du gure inguruko eta Amazoniako ikastetxeen arteko zubiak eraikitzeko; hala, harreman globalak nabarmendu daitezke, krisi sozioanbientalari erantzuteko premiari buruz hezteko eta kontzientziatzeko eta guztion etxearen zaintza defendatzeko.

Entreculturas-ek, bestalde, hainbat urte daramatza SJPAMi laguntza eta euskarria ematen, Jesusen Lagundiaren eta Panamazoniako Elizaren sareen artean giltzadura eta lotura lanak eginez, bereziki, REPAMekin. 2020an, gainera, COVIDaren inpaktuei erantzuteko jarduera humanitarioan aritu zen muga hirukoitzeko komunitate indigenetan.

2021az geroztik, Kolonbia, Peru eta Brasilgo muga hirukoitzeko 30 gazte indigena tikunari osoko prestakuntza ematen ere laguntzen dio Entreculturas-ek SJPAMeko lantaldeari.

Gazteek presio ugariri egin behar diote aurre, hainbat mezu jasotzen dituztelako modu batera edo bestera “indigena izateak balio ez duela” esaten dietenak: indigena ez diren beste gazteak, haien maisu edo enplegatzaileak, komunikabideak, estatua, gizarte mestizoa, eta, batzuetan, baita ahaide eta senideak ere.

Gizarte amazoniar askorentzat, gaztaroaren edo nerabezaroaren bizipena fenomeno berri samarra da. Duela zenbait hamarkadara arte, gizarte horietan zuzenean igarotzen zen haurtzarotik helduarora, dagozkion nerabezaro-erritualak bete ondoren. Kasu batzuetan ez gurasoek ez nerabeek ez dakite nola maneiatu egoera berria, hain da fenomeno ezezaguna. Desorekak oso handiak izan daitezke, eta ondorio lazgarriak ekar ditzakete: adibidez, suizidioa. Azken urteetan, gizarte indigenek aurre egin beharreko arazo larrienetako bat da hori.

Proiektuarekin, osoko prestakuntza-plan bat ezarriko da gazte tikuna indigenentzat; plana oinarritzeko, SJPAM taldeak eta bertako elizako gainerako kideek modu aktiboan entzungo diete gazteei. Esperientzia hori sistematizatuko da eta ikasitakoak REPAMekin partekatuko dira.

Agian interesatuko zaizu.

REPAM

Jesusen Lagundiaren GKE gisa, Entreculturas-ek eta Alboan-ek Elizaren misioan laguntzen dugu Amazonian eta Amazoniarentzat, herri indigenekin batera eta guztion etxea zainduz, REPAMeko kide garen aldetik (Panamazoniako Eliza Sarea), bi estrategia handiren bidez:

CIMI-REN TALDE IBILTARIA

Talde ibiltaria 1998an sortu zen, Claudio Perani jesuitaren bultzadari esker. Amazoniako herrien aldarriei, desioei eta itxaropenei erne entzunda jaio zen proiektua. Eta herri horiekin batera aurkitu du talde ibiltariak bizitzaren, harremanen humanizazioaren eta justiziaren sustapenaren zerbitzura jartzeko modurik onena, pertsonen, komunitateen, herrien eta erakundeen arteko sareak ehunduz. 

COMPARTE sarea

Comparte 19 gizarte-erakundek osatutako sare bat da. Sareko kideek Latinoamerikako 11 herrialdetan eta Europan (Alboan) dihardute. Erakundeek gizarte-bazterketako egoeran dauden ekoizleen ekimen ekonomikoak laguntzen dituzte, landa-eremuetan zein hirietan.